Olabarrietako fanderia-burdinola
Olabarrietako burdinolak 1550ean jada burdina ekoizten zuen
Olabarrietako burdinolak 1550ean jada burdina ekoizten zuen, eta 1650ean jarduera eten bazen ere, 1690ean berriro jarri zen martxan.
Hurrengo berriak XVIII. mendearen bigarren erdialdekoak dira. Izan ere, José Ignacio de Gallatebeitia bilbotarrak, Zallako Aranguren auzoko gabi baten jabeak, burdinola zahar hura fanderia bihurtzea erabaki zuen. Fanderia horrek bizitza produktibo laburra izan zuen, XIX. mendearen hasierara arte baino ez baitzen lanean aritu.
Eta, zer da fanderia bat? Zilindroak zituzten potentzia handiko makina handien bidez burdinazko totxoak ijezten eta mozten espezializatutako eraikinak ziren. Lortutako burdinazko produktua burdinola zaharretakoa baino kalitate handiagokoa zen, ekoizpen-kostuak txikiagoak ziren, eta ikatza eta eskulana aurrezten zen. Fanderiak euskal siderurgian agertu ziren XVIII. mendean, modu itzulezinean ahultzen ari zen burdinolen sektorea modernizatzen saiatu ziren ekimen ilustratuetako bat bezala.
Nolakoa da?
Fanderiaren barruko bista
Olabarrietako fanderia-burdinola nahiko osorik dago, egungo kontserbazio-egoera kontuan hartuta. Bere harrizko hormak denboraren poderioz erortzen joan dira, eta landaredia, pixkanaka, hura kolonizatzen ari da. Tailerrak, biltegiek, ikaztegiek eta eraikin osagarriek industria-gune oso erakargarria osatzen dute.
Profil zuzenekoa da, kalitatezko harlangaitzezkoa
Ibaiaren ibilguaren gainean presa bat dago, Galdamesko trenbide zaharreko zubiaren azpian eta ibaian gora, zeinak ura atxikitzen baitzuen. Profil zuzenekoa da, kalitatezko harlangaitzezkoa, eta gaur egun dotore ageri da Barbadungo uren gainean. Eskuineko ertzetik abiatzen den oso material onekin eraikitako ubideak multzoraino bideratzen zuen ura, makina guztiak mugiarazteko.
Egitura horiek guztiak aztarna bakarra dira Bizkaiko lurraldean; ondare- eta kultura-balio aparta dute, eta agerian utzi dute Barbadun ibaiaren arroan burdingintzak izan zuen garrantzia.
Presaren xehetasuna
